Abenduaren 8 eta 9ko gertaerak

casbot

“Beste mundu bat posiblea izateaz gain, martxan datorkigu. Egun lasaietan ere, bere arnasa entzun dezaket”
Arundhati Roy

Azken eguneratzea: 2018ko abenduaren 10an


Azañak presiditutako biurte errepublikar-sozialistaren porrotaren ostean, 1933ko azaroko Hauteskunde Orokorretan CEDAk burututako koalizio eskuindarrak irabazi zuen, oso zatitua aurkeztu zen ezkerraren aurrean. Abstentzioa aldarrikatu zuen CNT sindikatu anarkistak, emaitza hauen aurrean, komunismo libertarioa aldarrikatuko zuen Greba Orokor iraultzailerako deia egin zuen. Abenduko matxinada honek ez zuen kasik eraginik izan Euskal Herrian, bai ordea, eta, modu esanguratsuan, Bastidan.

Bastida inguruko herrietako CNTra atxikitutako sindikatuek denbora batez aritu ziren antolatzen mugimendu guzti hura, Batzorde Iraultzailearen esanetara zegoena, hain zuzen ere. Gobernuak azken xehetasunera arte zeharo ongi antolatutako kanpaina batetaz hitz egin arren, antza denez Bastidan Sindikatu Bakarreko kide gehienek benetan antolatzen ari zenaz ezagutzarik ez zuten, Santiago Pablo Contreras historialariaren arabera1. Sindikatu Bakarra, akrata izatez, herriko 60 afiliatuz osatua zegoen eta gehienak landa-eremuan egiten zuten lan. Dakigunez, Luis Gil Saez presidentea eta 16 urtetako Jose Gil Camara gazte idazkaria, abenduaren 8ko gau hartan jabetu ziren matxinadaz.

Egun hartako goizean izan zen, Sixto Barron-ek herriko anarkosindikalista nagusietako eta 1923an sindikatuaren sortzaileetako batek, San Vicente Sonsierrako buruzagi cenetista zen Fausto Villamorren bisita jaso zuenean eta antolatzen ari zen matxinadaz jakinarazi ziotenean. Barron, berria egiaztatu eta xehetasunak ezagutzearren, Haro, Briones eta San Asensio herrietara abitu zen arratsalde hartan; eta bertako sindikatuek gau hartan hasiko zela matxinada berretsi zuten. Berri guzti hauen aurrean, Barronek herriko Sindikatuaren egoitzan asanblada deitu zuen. Lehen neurri gisa, Angel Manzanos eta Jose Gil afiliatuak Gasteizera bertaratzea erabaki zen, alegia Eskualde Batzordean matxinada-mugimendura batu behar ote ziren galdegiteko, CNTko Ipar Erregioko kide izanik. Ordu batzuen ostean biak itzuli ziren, Gasteizko zentral sindikal libertarioa mugimendu iraultzaile orori buruz erabat deskonektatua zegoela jakinaraziz, greba orokorra antolatzeko xedea erakutsi arren. Bilerara bertaratu ziren 25 sindikalistetako batzuk zalantzaz josita zeuden berri zehatzen gabeziaren aurrean. Sixto Barronek eta Daniel Quintanak mugimenduarekin bat egitea proposatzen bazuten, Honorato Amurriok eta Luis Gil presidenteak kalea ez ateratzearen aldekoak ziren. Lehenengo biek, Greba Iraultzailea bultzatzea beharrezkoa zelaz Gil konbenzitzen amaitu zuten, Estatu guztian ordu berean hasi behar baitzen. Antza denez, ez Amurriok ezta Gilek ere, Sindikatuaren egoitzan ezkutatzen zen dinamitaren existentziaz ideiarik ez zuten. Horrela, Esteban Manzanosen etxean bilera egin ostean, ekintza antolatu eta, agurtu baino lehen, taldeka banatu ziren, ordu batzuk pasata sindikatuaren egoitzan elkar ikusteko.

Abenduaren 9ko goizeko ordubietan mugimenduari ekiteko Haroko cenetistekin Barronek adostutako seinalea entzun zen: bonba baten leherketa. Luis Gilek sindikalistei armak hartzeko agindua eman zien, hau da, egoitzan zeuzkaten ehiza-eskopeta, pistola eta lehergailuekin (bonba, petardo, posta-kartutxo eta dinamita ugari zuten) kalera ateratzeko. Tomas Corcuera eta Antonio Barron asanbladara gerturatu ez zirenen afiliatuen etxeetatik pasa ziren eta mugimendura batzeko gonbitea luzatu zieten. Horrela, beste 10 pertsona inguru batu zitzaien, besteak beste Alderdi Errepublikar Erradikaleko afiliatu batzuk: Jose Rodriguez Garcia, Daniel Martinez Velasco, Rafael Martinez Montoya eta Joaquin Amurrio. Haien artean, CNTra afiliatu gabeko kide batzuk ere bazeuden, antza denez presiopean atera zirela kalera, baita kalera ateratzearen aurkako sindikatuko kideren bat.

Matxinatuak, Estanislao Barredo Ruiz -Bastidako sindikalista esanguratsuenetarikoa, Bizkaiako meatzaldean aritu zela lanean eta ideia anarkistekiko ezagutza handia zuelako bereizten zela-, Sixto Barron, Amos Madrid, Daniel Quintana, Angel Manzanos eta Luis Gil sindikalisten zuzendaritzapean, bizilagunen etxebizitzetatik pasa ziren, taldeka, zeuzkaten armak bereganatzeko asmoz. Horrela, armamentu gehiagoz jabetuz, matxinada oztopatu nahi zuen oro desarmatzeko gaitasuna erdiesten zuten. Gehienek arazorik gabe entregatu bazituzten ere, pertsona batzuek anarkosindikalisten exigentziei uko egin zieten, esaterako matxinadara batzea proposatu zitzaion Luis Martinez “El Templao” alkate jaunak, Pedro Angulo bide-langileburuak, Luis Garizabal zinpeko zaintzaileak edota herriko karlistek. Hauen jarreraren aurrean, iraultzaileen erreakzioa desberdina izan zen: etxe batzuetatik besterik gabe alde egin zuten bitartean, beste batzuetan kalte batzuk eragin zituzten dinamita kartutxoak edota lehergailu karga txikiak ezarri zituzten, alabaina garrantzi handirik gabeko txikizioak oro har. Beste talde bat Rufino Barron okinaren etxera gerturatu zen, Iraultza hasi zela eta komunitate osorako ogia oratu beharko zuela jakinaraziz; ondoren, Anselmo Quintanaren jabegopean zegoen merkatura joan ziren eta etorkizuneko bertako Batzorde Iraultzailearen autorizaziorik gabe ezer ez saltzeko konpromezua erdietsi zuten.

Goizeko hiru t’erdietan talde bat 4 guardiaz eta sarjentu batez osaturik zegoen Guardia Zibilaren kuartelera joan zen. Tomas Corcuera, Felix Manzanos, Leon Quintana, Angel Barron eta Pablo Martinez anarkosindikalistek kuartela inguratzeari ekin zioten, koartelarekiko 25 metrora posizioak hartuz, Huerta de la Villa izeneko finka komunalaren inguruan (gaur egun Jatorrena Hotela dagoen eraikuntzan zegoela). Ipar-ekialdetik Luis Gil eta Pablo Arroyo Pazos kokatu ziren, eta kuartelaren hegoaldea kubritzen Paulino Quintana eta Esteban Manzanos. Orduan, Pablo Caño eta Paulino Gil iraultzaileek kuartelaren atea gasolinaz busti eta sua eman zioten. Momentu hartan, aipatutako ortuaz arduratzen zen Marcelino Lopez “Gasolina” bizilaguna etxetik atera eta guardiei ohartaratzeko asmoz oihukatu zuen; “Fuego! Guardias, fuego!”. Segituan matxinatu batek tiro egin zion hari kikiltzearren, eta, horrela, bizilaguna etxera itzuli zen. Hala ere, oihu eta tiroaz jabetuz, kuartelaren leihora atera ziren Nicolas Lopez Gomez sarjentua lehenengo pisuko leiho nagusitik, eta Pedro Garrido Lopez guardia goiko pisutik. Leihotik atera bezain laster, matxinatuek tiro deskarga bati ekin zioten, Garrido larriki zauritua eroriz eta sarjentua besaurrean posta inpaktuak eragindako zauriarekin. Antza denez, orduan sarjentoak zera ohiukatu omen zien guardiei: “¡Fuego a discrección, que esta noche nos matan a todos estos bandidos!”. Horrela, Guardia Zibilen eta anarkosindikalisten arteko tiroketak bi orduz luzatu zen, sarjentua ere zaurituta suertatu zelarik besaurrean postaz jota. Guardietako batek, Marcelino Gallegok, eraikuntza utzi eta Andres Castillo herriko medikuaren bila joatea lortu zuen, baina kuartelera itzultzean ostera, Pedro Garrido hilda zegoen jada. Borrokaldi hartan zehar, Alejandro Amurrio zinegotzi karlista tiro batez zauritua izan zen ere.

Bien bitartean, goizaldeko lau t’erdietan iraultzaile batzuk Udaletxera joan ziren, Udaletxe barruan bizi zen Felipe Otxoa Gonzalez udaltzainak, giltzak errazteko asmoarekin. Hark giltzak ukatzean, matxinatuek Udaletxea hartzea erabaki zuten “Gora anarkia!” oihukatuz. Eskalera baten laguntzaz, aizkora eskuan, fatxadako hiru bakoietako ate bat indarrez irekiarazi ostean, Alkatetzara, Idazkaritzara eta Udal-epaitegira iritsi eta dokumentazio ugari atera zuten kalera, besteak beste, herriko finkei eta jabegoen erregistroei buruzko dokumentazioa eta sute batean erre zuten guztia, jabegoaren deuseztapena aldarrikatzeko keinu sinboliko gisa. Antza denez, su eman zitzaien dokumentuekin, akta-liburuak, erregistro zibila, Epaitegiko paperak, balio historikodun hirurogeita hamabi paper-sorta eta 1800. urtetik 1933. urtera arteko administrazio-izaeradun dokumentazio guztia galdu zen. Udaletxetik ere bi karabina eta eskopeta bat hartu zituzten. Gertakizun honen zehar, alkatearekin, udaltzainarekin eta azken honen emaztearekin ahozko gatazka gogorra jazo zen, emazteak oihukatu baitzien: “¡Matarnos si quereís!”. Eta matxinatuetako batek, giroa lasaitzearren, minik ez zietela egingo eta are gutxiako ez zirela erailak izango jakinarazi zien.

Bitartean, Bastidako telefono publikoaren arduraduna Gasteizekin hitz egiten ahalegindu zen, helburua lortu ezinik, linea batzuk sabotatuak izan zirelako. Ekintza zuzen honetaz arduratzen zen Pablo Cañok, akatsez, telefonoaren kablea moztu ordez, argiteria publikoa hornitzen zuen kablea moztu zuen. Anarkista batzuk, emakumea aurkitzen zen eraikuntzaren aurka tiro batzuk egin omen zituzten hura kikiltzeko. Bestalde, jaiotzez Bastidakoa zen apaiza, Enrike Diaz Landaburu, etxeko atzeko aldetik ihes egin eta Berganzo herriraino joan zela, handik Gasteizera deitu eta gertatutakoa komunikatzeko. Azkenean emakumeak lortu zuen Haroko Guardia Zibilaren komandantearekin harremanetan jartzen. Herri hartan, Gasteiztik etorritako Erasorako Indarrek matxinada oro zapaldu zuten, gau osoan zehar herriko kaleetan eta kuartelaren erasoan tiroketa ezberdinak jazo ostean, 30 pertsona baino gehiago atxilotuz. Egunsentian, “El Santo Cristo ermitaren gaina okupatzen zuten zaindariek egindako 3 tiroz, indarren iritsieraz ohartarazi zieten komunistei”1 eta anarkistek zuhaitzen bidez segurtasun-indarren bidea oztopatzeko Bastida-Guardia arteko errepidea moztu arren, Erasorako Guardiak eta Harotik etorritako beste pertsonak oinez sartu ziren Bastidan, armak eskuan zituztela. Hauek eta iraultzaileen artean tiro batzuk jazo ostean, matxinatu gehienek alde egin zuten. Iheslari gehienak Toloñoko Mendizerarantz jo zuten, batzuk Puellas eta Tenereta inguruetaraino iritsiz, Erasorako Guardia ugari iritsi zirela Sopalaciotik tiroka baina inor ez zela zauritua izan.

Goizeko 8ak ziren jadanik, eta pixkanaka lasaitasuna itzuli zen herrira. Egun hartan, Arabako Gobernari Zibila zen Pedro Rodriguez Llamas, Sindikatu Bakarraren egoitza ixtea agindu zuen. Espainiar Estatuko hainbat tokitan gertatzen ari zenaren aurrean, “alarma egoera” deklaratu zen.

Ordu haietan eta ondorengo egunetan matxinadan parte hartu zuten 20 lagun atxilotu zituzten eta segurtasun-indarrek zenbait bonba, dinamita-kartutxo, arma eta munizio atzeman zituzten. Atxilotuen artean Agapito Vadillo, bere etxean aurkitzen zela gaixoaren itxurak egiten, edota Estanislao Barredo, zauritua eta egur-pilo batean ezkutatua. Ihes egitea lortu zutenak atxilotuak izan ziren, eskualdetik alde egiten saiatzen ari zirenean. Jose Gil gaztea, Nicanor Quintana, Isidro Quintana eta Angel Barron Martinez iraultzaileen kasua, Urizahar (Peñacerrada) inguruan ustekabean harrapatuak izan zirela Logroñoko matxinada zapaltzera zijoan zalditeria-pelotoi batengatik. Pelotoiaren agintaritzak hiri hartako Guardia Zibilaren dependentzian utzi zituzten atxilotuak, eta handik Gasteizko espetxera bidaliak izan ziren. Egun hartan ere, antza denez, Peñacerradako errepidetik Bastidara itzultzen ari ziren Erasorako tropa bat talde batengatik erasotua izan zen, eta tiroketa hartan gizon bat hil zen eta beste bi larriki zaurituak izan ziren, kasu honek Bastidako gertakizunekin erlaziorik ez duen arren.

gcbastida
“La Voz de Aragón” egunkariaren argazki bat 1933ko abenduaren 15an

Toloño aldera ihes egin zuten batzuk, Peña del Agujero mendira joan ziren, eta talde txiki bat Tabuernigarantz eta handik, gutxi batzuk Gasteizera eta beste batzuk Mirandara. Sergio Vadillo eta Jesus Gonzalez akituak eta mendian galduak, errenditzea erabaki zuten: lehenengoa Gasteizko komisaldegian eta bigarrena Basauriko Bidebietako Guardia Zibilaren kuartelean.

Errepresioaz arduratzen ziren autoritateen arabera, matxinadaren liderrak honako hauek izan ziren2: Estanislao Barredo, Serapio Vadillo, Fortunato Pesos, Pablo Caño, Antonio Barron, Eugenio Ayuso, Felipe, Esteban eta Angel Manzanos, Jose Gil, Sixto Barron, Felipe Barron eta Daniel Quintana. Soilik azken hiru hauek lortu zuten espetxetik eta guardia zibil eta poliziaren galdeketa gogorretatik ihes egitea, Ozio herrixkara iritsiz, Zanbrana herritik gertu. Ozion, Jose Anda errotariak bere etxean hartu zituen, eta handik Miranda Ebrora, non trenbideetako langilea zen Julio Noguerelak merkataritza-bagoi batean sartu eta Hendaiara eraman zituen. Felipe Barrio, Daniel Quintana eta baita Paulino Gil ere, Bastidara itzuli ziren behin errebeldian epaituak eta absoluzioa erdietsi ostean.

Mirandan Esteban eta Angel Manzanos atxilotu zituzten. Bi anaiak Mirandara joan ziren osaba-izeben etxera. Izan ere, senitarteko hauek, gazte sozialista baten tutoretza zuten, Renfeko makinista zena, eta aurretik aipatutako antzerako plana proposatu zien: Iruneraino trenez eramatekoa, hain zuzen ere. Aitzitik, etxetik ateratzean, Guardia Zibilak bi anaiak atzeman zituen.

Guztira, 36 lagun espetxeratu zituzten Arabako probintzia-espetxean epaiketaren zain.

Zauritutako sarjentua Gasteizera eraman zuten eta handik Burgoseko Ospital Militarrera, 1934ko urtarrilean alta jasoz. Tiroketaren ondorioz zendutako Pedro Garrido guardia, Gasteizen ehortzi zuten abenduaren 11n.

funeralgasteiz
Pedro Garrido Guardia Zibilaren ehorzketa Gasteizen, Bastidako gertakizunetan zendua. Kolore zuriko hileta-kotxea, miñoiek eskoltatua, segizioan bidea irekitzen du kalean barrena. Leiho baten ondoko margoketa batek zera dio: “No votad. Viva la FAI”. Argazkia: (Ceferino Yanguas)

Abenduaren 15ean, irekitako diligentzien ondorioz, atxilotuetako batzuk Gasteiztik Bastidara eraman zituzten galdeketak egiteko gertakizunak berreraikitzearren.

Bastidako gertakizunek egun haietako prentsan oihartzun handia izan zuten, Estatu espainiarreko toki askotan matxinada haiek izan zuten eragina aipatzen zela, non prentsaren zutabe batek zioen bezala: “la propaganda y venta de periódicos como “CNT” y “Solidaridad Obrera” eran importantes”. Gasteizko bi egunkariek “en estos momentos al lado de la autoridad en la lucha que tiene empeñada” azpimarratzen zuten. “Pensamiento Alavés” egunkari katolikoak abenduaren 9ko editorialean, zera esaten zuen “la raíz del mal estriba en el odio y la ambición que predicaciones insensatas despiertan en los corazones; en el ejercicio de la libertad liberal que ata las manos de la autoridad y suelta todos los frenos se sujetan las pasiones humanas”. Egunkari tradizionalista honek, harrituta, zera ohartarazten zuen: “comunismo libertario del campo ha asomado ya en las provincias vascongadas. Nos quedábamos muy tranquilos cuando oíamos o leíamos los relatos de lo que en Extremadura o Andalucía pasaba; la culpa era de los latifundios y el hambre del campesinado andaluz; en Euskalerria no hay latifundio ni hambre”. Bestalde, “Euzkadi” egunkariaren edizio arabarrean horrela izenburutzen zuen azken hauteskundeetan Comunion Tradicionalista alderdiko Jose Luis Oriolek lortutako bozkei adituz: “269 votos: aquellos polvos traen estos lodos”, Bastidako matxinadaren errua tradizionalistei leporatuz, herriko egunerokotasun politikoa menperatzen bait zuten. Prentsa espainiarrean ere oihartzuna izan zuten gertakizun haiek, “La Vanguadia” egunkarian edota “ABC” egunkaria gertakizun hauen oihartzunaz jabetu zela egun batzutaz baita ondorengo epaiketetaz ere.

Beste matxinada anarkistetan jazo izan den bezala, Eliza Katolikoko kideek eta haren ondasunek ez zuten kalterik pairatu Bastidan, nahiz eta “Pensamiento Alavés” egunkariak aipatu anarkista batzuk aizkoraz apaiz baten etxeko atea lurrera botatzen saiatu zirela, arrakastarik gabe. “La Libertad” egunkari errepublikarraren kazetari baten arabera, sindikalista batek apaiz-etxeari su ematea proposatu omen zuen, beste kideek kontrako iritzia argudiatu zutelarik, kale guztiko etxeak erreko zirelakoan.

“La CNT y los sucesos revolucionarios de Labastida de diciembre de 1933” (Kultura: Cuadernos de cultura. nº 8 1985)

 

2 Gasteizko Gobernariaren adierazpenak, zeinek “La Rioja” egunkariaren arabera Bastida bisitatu zuen gertakizunak jazo osteko arratsaldean.